Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-27-4
Felipe Juaristi
1957, Azkoitia
 
 

Arcadia

 

Udak neguari eman dio eskua.

Biek egin dute udazken gainetik ortzadarra,

dena ustegabean harrapatuz:

euria urezko estalkia zabaltzen,

eta tantak lo belar gorrietan, abanikoa gisan.

 

Baina instintoak ez du lo egiten,

mundura eraberatzen da

labe-zomorroa sukaldeko zulo beltzera bezala.

 

Arbolek jantzi arinez karnabaletako festa

              batetara zihoazela dirudite.

Haurraren oihu apala bidean galdu zen.

Ez zuen haren bilustasuna arrats-haizeak xahutu.

 

Arcadian pentsamenduak ere huts egiten dira.

Arcadian maitasun-grina metadonaz sendatzen dute.

 

Sapaiko izarrek begi tristeak ireki dituzte,

izaera dutela baieztatzeko.

Sukaldeko landare ttikia beldur da, dardar batetan.

 

Gau osoa pasatu du negua egiten.

 

Zorrotzaileak atzean lur bustiaren usaina

                                      uzten duen moduan

hotzak itxi ditu lorategiko larrosen orriak

                                      elurrezko ukabila gisan.

 

Ohea egin gabe genuen.

 

Zuk artean loreak zenituen.

 

w1986