Metropolis 2
Hala entzun zuen ametsetan ziotela:
«Inork ez du bere burua ezagutzen
Sorterritik joanik ez bada.
Mugimendu hutsa da gizakia»
Iratzartzean bista zuen altxatu.
Dena zegoen geldi eta lasai:
Etxea, kea zeriola tximiniatik,
Atarian, berak aldatutako ezkia loretan.
Alde egin zuen atzean utzirik
Etxea, kea, ataria, ezkia.
Oinen soinua oihartzunak ezin harrapa.
Elurraren oroitza begietan zera-
Maten ibaiak zituen gainditu,
Mendi zuriak hodeiez inguratuak.
Lur lehorrak ikusi zituen, lur hezeak,
Eta eguzki bera zeruetan zaindari.
Ia ukitu zuen behatzekin ortzemuga,
Perlazko haria urruntasunaren lepoan,
Eta ilargi bera, zeruetan zaindari.
Gazte egin zen, gizon beranduago.
Zilar kolorez jantzi zitzaion ilea.
Hala entzun zuen ametsetan ziotela:
«Igotzen dena oro da jaisten.
Joaten dena beti etortzen.
Bizitza da etengabeko itzulia.
Ziba baten gisa jiratzeari utz iezaiozu.
Zeure burua aurkitu nahi baduzu
Bila ezazu zeure baitan!»
Hil ondoren lur eman diote
Mutikotan haren eskuek aldatutako zuhaitz
Pean. Dena zegoen geldi eta lasai.
Etxea, kea zeriola tximiniatik.
Orduan konturatu da goizeko hozkirrian
Hezurrak hantxe egon direla beti
Urte eta urte gehiagoren hautsetan bilduak.
Haizeak adargoiak ditu astintzen.
Memoria du deika:
«Baina zer aurkitu duzu ibilian?
Izpiritua baita bidaiari bakartia»
Beste izpirituek aurretik abandonatua
Ez besterik. Iraganean izanaren arrasto zuria.
w1992