Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-27-4
Felipe Juaristi
1957, Azkoitia
 
 

Teoriaren teoria

 

Nere bihotzaren geografia mugatuan

Hegan dagite kurriloek urrian,

Haize-argi egarriz urrunera,

Zaldiak goizalban, ibaiak lasterka,

Kukua inoren habian kantari,

Huntza haritzean bildurik eta lo.

 

Ametsa beti gorago mendiak baino.

Pentsamendu kulunkariak, oinazeetan hezeak.

Zuhaitz sustraiak zeruaren behatzak.

Itsasoa, esku zaurituekin ate joka.

Gu gara ni guztiek sortutako enborra.

Zutik basoan, itzalaren firfira atzetik.

 

Nere hezurrezko xirulak jotzen du,

Aspaldiko paisaietako oroitza ekarriz,

Kolore-usain ezkutatuen sinfonia.

Eguzki ahula mendebaletik jaiotzen.

Hitz itsuak, soinu gorrak, gau lezeak.

Kobrezko emakumeak gatza ezpainetan.

 

Denok gara bat espazioan eta denboran.

Eta gutako norbait joaten denean

Zerbait ezereztatzen da besteen baitan,

Isiltasuna sakonduz, tristezia sakabanatuz.

Lorerik txikienak apaintzen baitu baratzea,

Txoririk arinenak kantatzen denontzat.

 

Gure baitan dago dena eta ez dena.

Itsasoa eta lehorra, ura eta sua,

Haurtzaroko euri atergabeak,

Gariaren antzera gorritu diren urteak,

Negu minetan, uda sargorietan,

Betikotasunaren hodei ustean galdurik.

 

Gu gara ni guztien lurralde emankorra,

Zerbait hiltzen du ihes egiten duenak,

Gu guztiona ere badena, izan dena.

Gure baitan baitaude besteak.

Horiek desagertzen direnean,

Orduantxe geratzen gara bakarrik.

 

Gure baitan itxirik eta so, inora ezin.

Niaren kartzela hauskor izotzezkoan.

 

w1992