Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-27-4
Felipe Juaristi
1957, Azkoitia
 
 

Berlinen ez dituzu barkoak pasatzen ikusiko

zure Hondarribiko etxean bezala

eta kalatxoriek ez dizute esango marinel itoaren burezurra

agertu dela arrantzaleen sarean.

Gauerdian esnatzen bazara jakingo duzu

ez dela trenen zarata, desasosiegoa baizik.

Aurkituko dituzu zure gorputz-bazterrak mantso, isilak

gerlari ezagunaren estatuaren hotzaren parekoak.

                                                        Jakingo duzu

hiri guztiak ez direla berdinak ez bizitzeko ez hiltzeko.

Boabdil gizon bihurtu zen Granadatik alde egitean nigar egin zuenean.

Haren malkoak ausentziazko gazteluak desertuaren bakardadean.

Deserrian bilatu zuen eguzkia bere bihotz iharrak.

(Izan ginen Alhanbran. Denborazko laberintoan

  nostalgiak bikoiztu, azaldu ziren laranjondoen azpietan).

                                                        Jakingo duzu

bi baso ardoren artean edandako instanteak iheskorrak,

beren ezerezaren marka daramatela.

(Ez nituen mugak ezagutzen orduak kontatzen ez genituenean.

  Orain zure eza oinetan irekitzen den lurra.

  Momenturo eguneroko horizontea dakusat,

  gutxik zeharkatzen duten harresi gris, monumentala).

                                                        Jakingo duzu

bizitza luzatzen dela krepuskuloaren intentsidadeaz,

horko bankoetan mozkor, bakarti, onanistek

pena, pekatu, sekretu bera isurtzen dutela.

Eta beti zeinu, lotsa, otzantasun bera,

inon kontsuelo aurkitzen ez duenarena,

inon enbarazo egin nahi ez duenarena.

Gizonak bere sustraien atzetik dabiltza izenak

ulertu ezin dituzun abenida luzeetan.

Urratsero hiriaren zatiarekin topo egiten dute

beraienekin topatzen direlakoan.

Umeek maisuek ezkutatzen duten hitz obszenoaren esanahia jakin nahi dute.

Emakume batzuk maitasunaz mintzatzen dira eta desorduetako

azken orgasmoa komentatzen dute.

Zorigabe batek heldu izatera jolasten du.

Norbaitek errezatzen du.

Dena berdintsua da leku guztietan.

Hala ere hiri guztiak ez dira berdinak ez bizitzeko

ez hiltzeko

Zuk aldarrikatutako itzalezko espazioan

bilatzen dut argi lortezina, ez ilunpea.

Barkoak lehorreratzen dira Hondarribian.

 

w1984