Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-27-4
Felipe Juaristi
1957, Azkoitia
 
 

Baratzazain

 

Odol truk eraiki du mundua, baratzeko baranoan.

Bihotz-arimen atsedenleku, hezur-giharren neurriko.

Mahats-aihenak estali duen horma handiaren kanpoan

Laino artetik ihesi luzatzen dena zaio atzerriko.

 

Loreak arin ximeltzen dira kolore batean errerik,

Txori inozoek soinu bakarra kantatzen dute airean,

Ez du itsasoa inoiz ezagutu, izokinek ekarririk

Ez bada, ondoko errekatik gora tantaz tanta joatean.

 

Buruz daki zuhaitz bakoitzaren izen eta dirdiraldi,

Aski du itzal iluna ikustea zein zer den ziurtatzeko.

Berea ez da hego zorrozturik kalte latz dagien Aldi.

Ez du ezer behar bizitzari men egin eta makurtzeko.

 

Batzuetan ziztada sakona bat-batean du sumatzen,

Barne-muinak iraultzen dizkio, eta argira atera.

Gosea ezik, maitemina da, oso aspaldiko oroitzapen.

Krabelinek usaina bezala laster galdu zuen hura.

 

Begiak hertsirik neskatoa dator biluzik gogora,

Gaztain kolore ditu begiak, marrubizkoak ezpainak;

Baratxuriak lakoxe hortzak, adatsa intxaur erara,

Sagar gorri beroak bularrak, laranjazkoak masailak.

Hatzak baratx mugitzen zaizkio, igali ederron bila,

Saski batean gordetzen ditu, albahaka-hostotan bilduak,

Gogobetetzen duen gorputzaren haragi-zati bailira.

Usain sarkorrak bazterrik bazter daramatza grina antzuak.

 

Mahaian eserita poliki, otoitzean bezala ahoa

Zabal, fruitu bizien irensle, berehala da asea.

Gorputza etzaten du ohe gainean, jabal eta naroa:

Maitasun-frogarik gozoena da maite dena jatea.

 

w1997