Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
ABERRIAZ ZELAN AHAZTU
nik ere aberriaz nahiko nuke ahaztu
eta neure herrian ibili
eguneroko poz-nekeei indar guztiak emanda
lagunarte xume bateko hitzak defenditu
gure arteko hitz horiek balira bezala
defendi daitekeen azken eremu librea
plaza bat aurpegi bat
norbaiten arropa artean hazten diren hitzak
edota akordura ez datozkizun zaurien baitan daudenak
nik ere bizi nahiko nuke
nor naizen etengabe galdetu beharrik izan gabe
apalago bizi neure buruaz ahazturik
nik hau eta nik beste hori jardun gabe beti
apalago bizi ni ere
gogoa eta adimena erantzun txikiei emanda:
gizaki bati dagozkion neurriko kezkekin
baina errepidea galdera izan daiteke hemen oraindik
argi piztua gauean galdera da
gauzek etengabe interrogatzen naute
nor naizen zer naizen
nola mintzo garen zelako lagunak ditudan
eta modu txarrean hartzen naute gauzek
ez didate bakerik eman nahi
traban jartzen zaizkit zangoen tartean
galdekatu egiten naute errukirik gabe
zer egiten dudan hemen
zergatik etorri naizen gaur hona
itxitura han hesia hemen
nik ere munduko beste bazterren batean
nahiko nuke bizi
denek ulertzeko eran mintzatu
ezentzunarena egin gauzen itauntze errime horri
gauzen tematze deserosoari ez ikusia egin
hiri jendetsuetan ibili bestelako jendea agurtu
akaso munduko beste hainbat lekutan
ariketa errazagoa izango da
aberriaz ahazteko hori
baina hemen beti ari zaizkizu gogora ekartzen
zapaltzen duzun lurra ez dela zurea
bizi zaren herria eta auzoa
norbaitek aldi baterako utziak dizkizula
eta gutxien uste duzunean etxerik gabe utz zaitzakete
bat-batean ez kalerik ez herririk
ez ordurik gabe gera zintezke
eta zeure hitzen erresuma gozo hartan
hartzen duzu aterpe
maite dituzunez oroitu eta joko duzu aurrera
baina apal mintzatu arren
ez dago aberriaz erabat ahazteko modurik horrela
nik ere aberriaz ahaztu nahiko nuke
eta bestelako lanei lotu lehenbailehen
aberria baino lehenagoko kontuetan jarri arreta
gerta ez dakidan
goizean jaiki eta herri mozorrotu batekin topo egitea
gerta ez dakidan
etengabe nor naizen galdezka jarraitu beharra
noraezean bezala beti...
baina existitzen ez dena nola ahaztu
zelan atzendu ez den hori
nik ere aberriaz ahaztu nahiko nuke betiko
ez balitz gu gabe ere badirelako
azkeneraino zaindu beharreko hitzak eta jendea
ez balitz gu geu agian inoiz iritsiko ez garen lekuetara
helduko direnentzat gorde behar dugulako
sekula narriatuko ez den sentimendu bat
sekula galduko ez den sentimendua
bakarrik gaudenerako
urrun daudenerako
badaezpada
neure herritarrekin batera
ahaztu egin nahiko nuke aberria
aberriaz ahaztekoa zama
gaitzegia baita bakarrean eramateko
baina denon artean aberri hau
behin betikoz ahazten dugun arte
nire herrian bizi nahiko nuke
eguneroko poz-nekeei indar guztiak emanda
apalago bizi
gizaki bati dagozkion neurriko kezkekin
gure arteko hitzak
azken eremu librea balira bezala defendituz
geure herrian bizi sentimendu bat gordean daramagula
bakarrik gaudenerako
urrun gaudenerako
badaezpada