Erlojuen mekanika
Erlojuen mekanika
2007, poesia
96 orrialde
978-84-95511-99-7
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

GALDERA INOZOAK

 

belar onduarekin amets egiten dutenek

gaua non ematen duten

jakin behar dut

azalaren kolorea begien distira

hautua ez den bakardadea

zer harrotasun dagoen zer usain

ahanzteko margotutako sukaldeetan

nola ikasten diren besteren hizkuntzak

nola den galtzen norberarena

ulertzen ez dituzun hitzak

non zauden ez dakizun planoak argazkiak

izen zaileko gaixotasuna beste inori pasatzeko ardura

zurea balitz bezala bizi beharra

 

hegaztia da jaten ari naizena

ez du lumarik ez du arnasarik hartzen

hilzahar dago dagoeneko

sardexkaz mugitzen diot hegoa

plater honetan ilar artean

frijitua agertzeko sortu bide zen

etxalde itogarri batean

 

aterik zabaltzen ez duten giltzak

eztarrian trabatuta zergatik dauzkagun

jakin behar dut

noiz hasi behar dugun giltzoi etxea egiten

hitzoi eztarriak idazten

nora garamatzaten ez dakigun

autobusentzat errepideak egiten noiz

eta gisako galdera inozoak

arrazoiaren amets birrinduekin

desesperoan elkarri lotutako pikor besarkatuz

hondartzak eratzeko

noizbait geure chambre d'amour hilgarria

irabazia dukegula iritzirik