Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
GAZTIGUA
inoren mesedeko gerta ledintzat
nire inguru gertuan jazotzen ari diren
eraldaketa gaitzen berri eman nahi diot munduari:
azkenaldion ez nabil boladan
mekanikaren eta optikaren legeekin
jendea gero eta sarriago jartzen da
nire ikusmenetik hara
eta dutxapetik irten eta lehortzeko
besoekin iristerik ez daukadan
gorputzeko atal eskuraezinak
orban ilunak bezala ari zaizkit zabaltzen
makurtzen hasten naizen orduko
beti urrunagora joaten tematzen dira nire oinak
hatzen eta behatzen arteko kidego behiala sakon hura
gaztaroko oroitzapen lauso bihurtzeraino
eta urrin esne mindu bezalakoa...
hala ere beldur naiz
iraultza seinale hauek guztiok
oker handiagoen atariko ez ote diren
eta ondorioz etor litezkeen gertaera larrien
jendaurreko ohartarazpena egiteko ardura zibikoa
betetzat jotzen dut honenbestez