Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
EZ NAIZ ETSAITUKO
ez naiz etsaituko bainuontziarekin
ez naiz etsaituko elektrodoekin
ez naiz etsaituko telefono listinekin
ez leihoko erlaitzarekin ez kaleko zoruarekin
ez naiz etsaituko poliziaren furgoiekin
ez epaitegiko eskailerekin
ez legearen hizkiarekin
ez naiz etsaituko eguraldiarekin
baina loarekin
loarekin nago etsaituta
eta ergelkeria modu ezaxolekin
eta ergelkeria modu axolatuegiekin
itsumustuan lokartze horri diot izua:
bihotza txindurritu odola izoztu zure hitzak ahantzi...
eta horregatik lorik ez hartzeko moduak bilatzen ditut
kafea tea pilulak hartu
esna egoteko amarruak behar ditut
estrategia bihurriak loaren mende ez erortzeko
isiltasunaren azpilduretan
errepide hutsen arnasa hotsean
jendearen begietan bilatzen ditut
badakit ez didana onik egingo
lorik hartu nahi ez izate horrek
baina itsumustuan lokartzeari diot izua
eta kafea pilulak botikak hartzen ditut
gerta ez dakidan loak bere beso amultsuetan bildu
eta gauza guztion alderdi neutro eta lazgarriak
nekeak beldurrak edo ekanduak
sortutako ezbehar direla onartzea inoiz
ez naiz etsaituko bainuontziko urarekin
ez naiz etsaituko elektrodoen poloekin
ez naiz etsaituko legearen letra tipoarekin
neure buruarekin etsaitu behar dut
neure buruaren etsai izango naiz
eta lorik ez hartzeko erak bilatzen jarraituko dut
bihotza txindurritu eta odola izoztu ez dakidan
zure hitzak ahantzi ez ditzadan
gertaeren tirania zanpagarriaren aurrean
loak sekula lo harrapa ez nazan