Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
OGIAREN KONKISTA
badago ogi apurrak nola jaso
erakusten duen artea
begirada non tinkatu
makurtzeko manera...
eskua luzatu
hatz artean dakarzun papurra
halako batean lanbroak jandako herria da
paper loratuko logela
lanik gabe dagoen auzoa
afaria gertatzen ari da laurontzat
azken asteko gerriko min hori
zerk sortua dizun
irratiko ahots eztiak azal diezagun
jarri gara zain denak
igogailuen marruma entzuten dela
adiskidetasunarekikoak ardailarik gabe betez
jan ditugu mahai gainekoak
justiziarekin batera ote daiteke askatasuna...
ardoak eta solasak
ematu digu bakailaoaren gazia
zigarro keak erretako begietan
pausatu zait bekozkoen argia...
etxerakoan lagun izan ditut
patrika zokoan aterpe hartutako ogi apurrak
maindire artean
galdatu du babesa birrin sortak:
ogia zu eta hiruok
ménage a mille
ogia epai eta kondena
interfono bat da gela
munduko min orok du hemen eztarri
elkarren nekazari
neka arazi dugu elkar
ogia mihi eta opil