Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
HILAK LAGUN
hildakoak sarri ez dira mintzo ulertzeko moduan
argi ozen eratsu
eta orduan hoztu baino lehen
harri zur eta alegiazko lubakietan
jartzen ditugu aldez dakizkigun
gure ondoan egin dezaten borroka edo
gure ordez bestela
gerla handi zein txikietan
izena ematera behartzen ditugu
lekua egiten diegu eztabaida eta desfiletan
gure ardailak eta hitzek zafratzen dituzte
tai gabe atzituak dira
atzenduak luze
eta beti eskaintzen dizkiegu ereserkiak gero
geuk nahi adina bider
hil eta arrapizten dira
berotzen digute bazkaria
lo kantak asmatu
zuhaitzak aldatzen dituzte zumardietan guretzat
eta zoriontsua dirudi euren isiltasun elurtuak
lurmendu gabe dagoenean
hildako apal eta asmo jaso bakoentzat
akigarria behar du
kausa zuzen eta okerraren kinkan
ulertzen ez zaien zapa-hizkera
moldakaizki ebaki batez
amets egiteak betierekoan
herri hilek bezala
hilek hauta balezate noren hildako izan
edo zeren alde...
baina hemen
ezin dute erretreta hartu ez ezer hautatu
ezin dira pausatu erabat
eurentzat su-etenik ez da indarrean...
biziak beste behar dira hilak neguko gordegietan