Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
BEHEKO HAIZEA
beheko haizeak uxatu ditu bero sargoriak bailaran
leihoak zabalik ditu jendeak
eta astiro dator arratsaldea errepidean gora
supermerkatutik bueltan
oker begiratu dit kalean andre batek
indarkeria mota oro gaitzesten
ez duen herri batekoa naiz
poltsa horian berakatza sagardoa eta pate zatia
kulunkatu ditut etxeraino
bokartak hilda daude hozkailuan
beti nahiko nuke erosketa poltsa batekin ibiltzea
hori izan bedi nire kondena
neure baitako no man's landean:
guztiaren lekuko izateko grina eta
beranduegi ote zabiltzan beldurra elkar joka
eta ito egiten nau horrek
ez goseak edo aterperik ezak
jendea itotzen duen eran
arnasa hondarrez betetzeko beste baizik
ez dago dena zertan idatzi
hatza luzatuta haur bat
kosta aldera doazen ibilgailuak
zenbatzen ari da bankariaren arretaz
tresna indartsua da zenbaketa
zuhaitzak pertsonak hegazkinak konta daitezke
saminaren eta pozaren konpasari antzeman
gauzak ulertzea eta gauzekin bat egitea
gauzengandik urruntzearekin bereiztu
behin beti gogoan izango zaitudala
agindu nizula uste dut
andre batek oker begiratu dit eta
negu arrapiztuak esetsi nau sukalderaino
sagardoa freskatzen jarri dut
jaiotzatiko hiltzailearen marka daramat soinean
eta ezin dut arrain usain hau kendu eskuetatik