Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
Aurkibidea
BAT
BI
HIRU
LAU
HAURTZARO GALDUA
ez dakit gauza normala den
ez dakit zabarkeriagatik izan den
edo besterik gabe
gertaeren indarrez
baina gaur haurtzaroa galdu dut
ez dakit noiz
ez dakit nola
baina bat-batean gaur goizean
haurtzarorik gabe jaiki naiz
oinak non nituen
egin dut neure kautan
eta burua non dudan
burua eta oinak
bat egin zaizkit gogoan
gero begiratu eta
bakoitza bere lekuan zen
oinak behean eta
burua goiko aldean
ez dakit
horretarako adina
heldua zaidalako izango zen
edo inoiz
zerbait oker landatuko nuen
pentsamenduaren ortuan
baina kontua da
gaur haurtzaroa galdu dudala
gabe nagoela
beste nonbait dela
edo besterik gabe
aienatu egin zait
ametsen zakarren artean
kontua da
atzo aldean
moldakaitzago naizela
baldresago nabilela
ezertara iritsi ezinik bezala...
ez dakit noiz
ez dakit nola
baina etsi dut
neure haurtzaro galduaren zuloarekin
biziko naizela aurrerantzean
izan ere
lanetik irten
eta beste egitekoak
burutu ondoren
ez zait denbora larregi geratzen
gogo handirik ere ez
haurtzaro galdu baten bila
hasteko orain