IKERKETAK
1933an ikusi omen zuten lehendabizikoz
Jon Mirandek zortzi urte bete zituen egun berean.
Hamilton anderea izan zen lehena.
Urtebete geroago Peter Grant izeneko ikasleak
lakutik irteten ikusi zuen, bere motor gorri
berriarekin paseoan zebilela.
Lanbro eta mendi artean bizi omen da.
Azken urteetan hainbat ikerketa egin dituzte
baina oraindik ezin izan dute egiaztatu
zinez existitzen den ala ez.
1954an sonar batek detektatu omen zuen,
baina zalantzak ez ziren uxatu, akaso
beste zerbait izango baitzen detektatutako hori.
1969an submarino batek bilatu zuen
ezer kausitzera iritsi gabe.
1974an Robert Rine izeneko zientzialariak
bere kamera infragorriaren bidez
berau fotografiatzea lortu zuela adierazi zuen.
1991n Stewart Campbellek amets eta
itxaropen guztiak zapuztu zituen ia,
ikerketa sakon baten ondotik
halako izakirik existitzen ez dela esan zuenean.
Eskerrak, hala ere, guk gaurkoan hemen dugun.
Hamaika espekulazio eta ikerketa ondoren
hementxe duzue zuen aurrean.
Ladies and gentlemen, zuekin,
(teloia zabaltzen da)
Euskal Herria.