POESIA?
Euren itsasontzia itsaso zabalean berreraiki
behar duten marinelen gisakoak gara
Otto Neurath
XXI. mendeko poesia ez da liburuetan argitaratuko,
akabo hitzaurreak, argitalpen berriak, tapa gogorragoak.
Poema argitaratugabeak eta
imajinatu ez direnak izango dira bakarrik,
poesia ez da hilko, ugalduko da etengabe
estoldetako arratoiek lotsa galdu izan balute bezala.
Poesia jalgiko da plazara,
poesiaren iraultza eta poeta zaharren haserrea.
Sarrionandia erbestetik itzuliko da halako batean
eta Moyua Plazako manifara deituko du.
Pott banda elkartuko da berriz, Juaristi eta guzti.
Han egongo dira, halaber,
Savater, Lete, Vargas Llosa, Izagirre, Volgako Batelariak,
Bederatzi Novisimoak, Vladimir Brigadak, Lubaki Banda.
Eta batzuek esango dute,
izpiritualki Ezra hemen dago.
Besteek,
izpiritualki Bukowski hemen dago
izpiritualki Lizardi hemen dago
izpiritualki Unamuno hemen dago.
Unamuno espainolista zen
Bukowski ez da poeta
Ezra faxisten alde jarri zen (eta zer?)
Lizardi? nor da Lizardi?
Istilu literarioa Moyua Plazan:
bultzadak, oihuak, liburuak jaurtika,
Herri eta Harri,
Paradisu Galdua,
Surrealismoaren Manifestua,
sirena hotsak, pelotazoak, zaurituak eta abar.
Baina berdin izango da
XXI. mendeko poesia XX.ekoa baino hobea izango da,
antologiarik gabe, bildumarik gabe
poesiak hautsa galduko du.
Egile eskubideak azkenean eskubide izango dira
eta, behingoz, ez dira beteko.
XXI. mendeko poesia egingo da halabeharrez,
lau egur eta bi iltzerekin
ozeanoaren erdian barku bat egiten den bezala.