AZKENAK ERE EZ DITU
NAZIOARTEKO ITUNAK ERRESPETATZEN
Pentsa, momentu honetantxe
auskalo non (gutxienekoa da hori)
batzuk, zu eta ni bezalaxe,
elkarri begira egonen dira isilik
baina ez horregatik zer esan ez dakitela.
Bien arteko distantzia hori
minez josirik egonen da
eta handik igarotzea suizidioa litzateke,
estatistiken arabera %99'9an hain zuzen.
Anonimo horiek begiak bustirik izanen dituzte
eta konturatuko dira, onartuko dute
gauzak aldatzen direla, pertsonak aldatzen direla
baina azkenean inork ez dakiela zer geratzen den,
azkenera berandu heltzen garelako denok,
mina-eremua garbi dezaten itxoiten dugula beti.
Eta ordurako azkenak ihes egin du
mina sorta galanta lagata bere gibelean.
Eta bitartean, auskalo non,
batzuk elkarri begira
egonen direla otuko zaie,
eta bien arteko distantzia hori,
haiena bezalaxe, geurea bezalaxe,
minez josirik egonen dela.