HISTORIAREN ESTATUAK
Jakina da Askatasunaren Estatua Frantziako Errepublikak Amerikako Estatu Batuei egindako erregalu bat izan zela. Olivier Legrand, Rouengo portuko langileak, Askatasunaren koroaren barnean zeharkatu zuen Ozeano Atlantikoa eta bere omenez marraztu zituen marrazki haiek Jean Michel Basquiatek ehun urte geroago THOR edo ASBESTOS bezalako hitzen gainean. Eta hainbestekoa izan zen amerikanoen entusiasmoa eta esker ona ze Django Dupont izeneko artistak Berdintasunaren Estatua egin eta oparitzea proposatu baitzuen apur bat geroago, deskuiduan amerikanoek hori ere esker onez hartuko zutelakoan. Baina aholkulari iluminatu horietako batek Errepublikako Presidenteari esan zion ezinezkoa zela, ezinezkoa zela metafisikoki Berdintasunaren Estatua bat egitea. Eta halaxe geratu ziren amerikanoak. Berdintasunaren Estatua gabe eta Askatasunaren estatuarekin.