ZU JAIO IZAN EZ BAZINA
«Zu jaio izan ez bazina ni ere ez nintzatekeen jaioko»
esan zenidan, horrela, bat-batean
eta nik ulertu ez izanarena egin nuen.
Eta jarraitu genuen hitz egiten gauza tribialez,
negutegi efektuaz, telebistaz, horrelako gauzez.
Zineman, film bat ikusten esan zenidan bigarrenez
«Zu jaio izan ez bazina ni ere ez nintzatekeen jaioko».
Eta nik filma jarraitzen nengoenarena egin nuen,
barre egin nuen, harridura eszenifikatu nuen,
nahiz eta filma batere ona izan ez.
Senide bazkari batean esan zenidan hirugarrenez.
«Zu jaio izan ez bazina ni ere ez nintzatekeen jaioko»
xuxurlatu zenidan belarrira. Hotzikara sentitu nuen
zure ahotsak kilimak egin zizkidan-eta belarrian.
«Zer?» esan nizun faltsuki.
Nik ere, beste hark bezala,
ez nuen sekula «maite zaitut» esaten
eta ez nituen halako konfesioak eramaten.
Zuk bazenekien hori,
zuk bazenekien, arrebatxo.