OSTEN DIRA
Osten dira ametsak
kolore eta trazu guztietakoak.
Osten dira amoranteak,
osten diren bezala autoak
Peugeot, Opel edo Ford.
Osten dira halaber imintzioak,
maitasunezkoak, gupida erakustekoak.
Osten dira liburuak,
autolaguntzakoak, gurutzegramak egitekoak.
Osten dira, gero eta gutxiago, banketxeak
«manos arriba esto es un atraco» oihukatzen.
Osten dira, orain oroitu naiz, futbol partidak
azken minutuko penalti batekin,
txartel gorri injustu batekin,
nazio oso bat negar batean.
Osten dira, bide batez, herrialdeak
ezin konta ahala modutan.
Osten dira etxebizitzak
jabetza eskubidearen izenean.
Osten dira alegrantziak
aldaketa kimiko ezdeus baten erruz.
Osten dira, osteagatik, sagarrak
arboletatik edo dendetatik,
hegazkinak, aireportuetakoak eta jostailuzkoak.
Guk, ekibokazioz,
kaxa huts bat ostu dugu
eternitatea beharrean.