ZIGARROKINA
Last Night When We Were Young
Harold Arlen / E.Y. Harburg
Bart, gazteak ginenean,
ematen zuen
munduko magia guztia
guretzat baino
ez zegoela egina.
Beste mundu guztia
kolore horiari,
katu beltzei,
gaizki egokitutako
eskailerei
errua botatzen ari zen
bitartean,
gazteak ginen
bart.
Bart, gazteak ginenean,
ez genuen presarik,
ordularietako orratzekin
belaontzietako mastak
egin genituen.
Bart, gazteak ginenean
ez genuen
gure gaztetasuna
aldarrikatzeko premiarik.
Bart, gazteak ginenean,
zeharo borobila zen mundua
eta hogei metro koadrotan
kabitzen zen.
Bart, gazteak ginenean,
gazteak ginen,
eta gauza askoz gehiago
ere bai.
Gaur goizean, aldiz,
zure Ducados paketea
ikusi dudanean,
zigarro bat falta dela
ohartu naiz,
baina hala ere
ez dagoela
zigarrokinaren arrastorik
hogei metro koadro
karratu hauetan.