Kaxa huts bat
Kaxa huts bat
2007, poesia
96 orrialde
978-84-95511-94-2
azala: Xabier Gantzarain
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2024, nobela
2019, nobela
2009, poesia
 

 

UDABERRIA

 

Sekula burutu ez zen

Mike Tyson vs. Evander Holyfield

hirugarren borrokan bi boxeolariak

kinada alde batera eta kinada

beste aldera, guardia altuarekin,

aurkaria kolpatzeko zirrikituren baten bila.

Ez dute elkar sobera maite.

Tysonen bi crochet ondo saihestu ditu Holyfieldek

eta biak geratu dira clinch egoeran.

Tysonek ahoa Holyfielden belarrira

hurreratu duenean jendeak okerrena pentsatu du,

Don Kingek irribarre egin du disimuluz,

baina Tyson kartzelan irakurritako

liburu erlijioso haiekin oroitu-edo

eta gizakiaren berreziketaren aldeko

militanteen zorionerako,

«April is the cruellest month, breeding»

xuxurlatu dio Holyfieldi belarrira.

Hasieran harritu egin den arren,

boxeoan erantzun gabe geratzea

akabua dela akordatu eta

«Lilacs out of the dead land, mixing»

erantzun dio serioski Holyfieldek.

«Memory and desire, stirring»

Tysonen erasoa orduan.

«Dull roots with spring rain»

erreak indartsu ahoskatuz Holyfieldek.

«Winter kept us warm, covering»

Tysonek, seguru, oso seguru.

«Earth in forgetful snow, feeding»

Holyfieldek, izerdi patsetan.

Eta lehenengo txistuak Madison Square Gardenen.

«A little life with dried tubers»

Tysonek irribarrez.

«Spring surprised us, coming over Starnbergersee»

Holyfieldek etsi gabe,

baina berehala ohartu da bere okerraz.

Udaberriak ez duela dagoeneko harritzen, Evander.

Tysonek berehala jaso ditu bi besoak, alai.

Hor joan da Holyfield burumakur bere cornerrera.

Madison Square Gardeneko zalaparta egundokoa da,

apustulariak oihuka, publikoa ringera igotzekotan.

Eta espikerrak bere denbora hartuta

«The new heavyweights world champion is

Mike Tysonnnn!!!» bota duenean,

jendea txalo zaparrada izugarri batean bildu da.

Eta Tysonek zoriona zer den

konprenitu du bizitzan estreinakoz.