Kaxa huts bat
Kaxa huts bat
2007, poesia
96 orrialde
978-84-95511-94-2
azala: Xabier Gantzarain
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
 

 

BIHOTZAREN GEOGRAFIA

 

Palmera bat hazi zait ene bihotzean,

ez galdetu zergatik, noiz, nola,

baina palmera bat hazi zait bihotzean.

 

Palmera bat, leku sobera balu bezala

hedatzen dituena bere abarrak.

Koskor bat dut orain ene bularrean,

baina ez da kezkatzekoa,

palmera bat hazi zait-eta ene bihotzean.

 

Errepideak eraiki dizkidate ene bihotzean,

ez galdetu nork, zertarako, zergatik,

baina errepideak eraiki dizkidate ene bihotzean.

 

Errepide zabalak, garapen jasangaitzez eginikoak,

bihurgune arriskutsuak dituztenak.

Kilimak sentitzen ditut orain bihotzean,

baina ez da kezkatzekoa,

errepideak eraiki dizkidate-eta bihotzean.

 

Itsaso bat aurkitu didate ene bihotzean,

ez galdetu non, nork, nola,

baina itsaso bat aurkitu didate ene bihotzean.

 

Itsaso beltza, ilargiarekiko aske dena,

piztia beldurgarriak gordetzen dituena.

Naufragoen oihuak entzuten ditut orain bihotzean,

baina ez da kezkatzekoa,

itsaso bat aurkitu didate-eta ene bihotzean.

 

Inperio oso bat osatu dute ene bihotzean,

ez galdetu nork, noiz, norekin,

baina inperio oso bat osatu dute ene bihotzean.

 

Inperio gupidagabea, etengabe gudan dabilena,

bakearen kontra dagoena.

Oinazea sentitzen dut orain bihotzean,

baina ez da kezkatzekoa,

inperio oso bat osatu dute-eta ene bihotzean.

 

Bihotz ttipi bat paratu da ene bihotzean,

ez galdetu nondik, zergatik, nola,

baina bihotz ttipi bat paratu da ene bihotzean.

 

Taupadak ozta-ozta ematen dituena,

bihotz izatea nahiko neke ematen dizkiona.

Taupada epel batzuk aditzen ditut orain bihotzean,

baina ez da kezkatzekoa,

bihotz ttipi bat paratu da-eta ene bihotzean.