BLAKI
Blaki omen da bere lagunik leialena,
hori esan dit lehen Mariak.
Berak ba omen daki
Blakik ez duela inoiz traizionatuko,
Blaki ez da gaiztakeriak egiteko gauza,
ez da batere extrabagantea,
ez ditu haserrealdi ulergaitzak izaten,
ez du atzo «seguru» eta
gaur «ez dakit» esaten.
Ez ditu, ezta ere, justifikazio
absurdu eta sinesgaitzak asmatzen.
Makila bat bota ezkero
ziur da haren bila joango dela.
Blakik ez du egun txarrik izaten,
baina ez pentsa tontoa denik
esan dit Mariak.
Ordu biak aldera
sukaldean sartzen naizenean,
Blaki beti gerturatzen zait
buztana alde batera-bestera
badakielako jateko garaia iritsi zaiola.
Txakur hau ez da batere tontoa,
txakur honek ematen dit
beste inork ematen ez didan zoriona.
Hori guztia esan dit Mariak
Baina nik agintzen dizut
zu maitatzen zaitudala gehien oraindik.