Poesia kaiera
Poesia kaiera
Federico Garcia Lorca
itzulpena: Juan Luis Zabala
2022, poesia
64 orrialde
978-84-17051-94-5
Federico Garcia Lorca
1898-1936
 
 
Hitzaurrea

 

      Ariketa ederra bezain mingotsa da imajinatzea Federico Garcia Lorca 1978an, demagun, 80 urterekin, bere literatur ibilbideari gainbegiratua ematen elkarrizketa batean, eta irudikatzen saiatzea zer bilakaera izango zuen haren poesiak 1936ko abuztu hartan hil ez balute eta beste berrogei urtez sortzen jarraitu balu. Zer pertsonaia motak hartuko zieten lekukoa Andaluziako ijitoei eta New Yorkeko beltzei Lorca erbesteratu baten poemetan, adibidez? Zer hermetismo maila iritsiko zuten Espainiako barne deserrian ahopeka irauniko Lorca baten irudiek? Zer elkarreragin sortuko zen Lorcaren eta poesia sozialaren artean? Izan ere, idazten aritu zen 20 urte inguruan, liburutik liburura ibilbide aldiro berritu bat osatu zuen Lorcak, konpartimentukako sailkapenetatik ihesi. “Gogaitzen hasia nago nire ijitokeria mito hori dela eta. (...). Ijitoak gai bat dira, ez besterik (...). Ez dut nahi estu sailkatu nazaten” idatzi zion Jorge Guilleni gutun batean 1928an, Romancero gitano liburua argitaratu eta gutxira.

      Lehen poema liburuetan herri tradiziotik edan zuen Lorcak, Espainiako 27ko Belaunaldi deitu izan den horretako beste hainbatek bezala, neopopulismoarekin bat eginez. Sehaska kantek, koplek eta jolas kantek poesia biluzi, soildu eta estilizatu bat inspiratu zioten, eta erromantzeek gai tragikoak lantzeko bidea eman. Andaluzia, ijitoak, hango folklorea... lurrean sakon sustraitutako plataforma izan zitzaizkion, tokian tokiko osagai kultural oso bereizgarrien bitartez gai unibertsalei buruz hitz egiteko. 1929-30ean New Yorken lehenik eta Kuban gero eginiko egonaldiek arrasto eraldatzailea utzi zuten Lorcaren poesian. New York hiri berez basa eta frenetikoa 1929ko burtsaren porrotaren garaian ezagutu zuen poetak, ziurgabetasun ekonomiko betean, eta sakonki eragin zioten han ikusitako zapalkuntzak eta gizatasun ezak. Aurreko liburuetan ijitoen pertsonaien bitartez mitifikatutako gizaki bazterreko baina duintasunez beteak kapitalismo krudelean itota bizi diren beltzen bitartez haragiztatuko ditu Poeta New Yorken liburuan. Muturreko metaforen pilaketek surrealismoranzko luizia sorraraziko dute: irudiaren eta adieraziaren arteko distantzia ikaragarri handituko da, eta ordura arte olibondoek, ilargiak eta sutegiek osatutako sinbolo finkoen paisaia krokodiloek, amiantoak eta intsektuen antena herdoilduek beteko dute orain.

      Lorca lagun zaharra zaigu euskaldunoi. Hainbatek itzuli dute, han eta hemen, aldizkarietan batez ere: Lauaxetak, Sabin Muniategik, Gandiagak, Iņaki Uriak, Harkaitz Canok eta Hedoi Etxartek, besteak beste. Santi Onaindiaren Olerti aldizkarian maizko bisitaria izan zen, Gabriel Arestik haren Sei poema gailego ekarri zizkigun, eta Juan Luis Zabalak Poeta New Yorken euskaratu eta argitaratu zuen 2003an Ereinen. Kaier honetan, lehen aldiz, Lorcaren obra poetiko osoko ale enblematikoenak ahots bakar beraren iragazitik pasatuta jasotzen ari gara. Ariketa zinez interesgarria egin du Zabalak itzultzaile gisa: Poeta New Yorkeneko eztanda surrealista itzuliz hasi zen duela hogei urte inguru —orduko zenbait poema berreskuratu eta eguneratu ditu edizio honetarako— eta Lorcaren hasierako eta amaierako poesia estilizatuaren eta barne paralelismoz betearen neurritasunera egokitu da orain.

Isabel Etxeberria Ramírez