Orfeori
Uda honetan, Liraren konstelazioaren azpian, pentsakor bizi gara.
Zertarako sorginduko ote zenituen kantuz
Hades eta Pertsefone, Euridize ostera ekar ziezazuten?
Zeuk, zeure ahalean sinetsi gabe, atzera begiratu zenuen, ziur egoteko,
eta makalen azpiko itzalen erreinuan desagertu zen berriz.
Orduan, ezinezkoa saiatzeak makurturik, liraz aldarrikatu zenuen
bakardadea zela azken egia behin betikoa. Hori ez dizute barkatzen
jainkoek, ezta gizakiek ere. Menadeek gorputza zatikatu zizuten
Ebros ibaiaren ur-bazterrean. Zure lira eta burua soilik iritsi ziren Lesbosera,
korrontearen indarrez. Zertarako, bada, zure kantua?
Beharbada noizbait (eta orduan ere itxuraz) lotu zirelako argia eta iluna?
Edo Musek zure Lira zintzilikatu zutelako izarren artean?
Konstelazio honen azpian, uda honetan, pentsakor bizi gara.