Poesia kaiera
Poesia kaiera
Yannis Ritsos
itzulpena: Joannes Jauregi
2018, poesia
64 orrialde
978-84-17051-18-1
Yannis Ritsos
1909-1990
 
 

 

Kantua arrebari
(zatiak)

 

Arreba,

nola abandonatu naun gauerdian

kriseilurik gabe

hire pauso desagertuen

arrastoen bila?

Hondora nazan neu ere

heure iluntasun berean

ez dezadan entzun

hire negarren durundia

ezin konta ahala hilobi zenbatzen.

Zartaraz itzan infinituan

nire begi-globoak

hartara ikus ez ditzadan

hire esku lotuak.

Harat-honat begiratzen dinat

eta heu baino ez haut ikusten.

Hire edertasun bihozberari

hots egiten zionat

ihintz tanta bat nitaz erruki dadin.

Baina inork ez zien erantzuten

herri bentzutuen

erreguei.

Arrosa ihartuen

hauts horailak

lorategiak zuritu ditin.

Ur-bazter barea

arrastirian bildu dun

eta loak hartu din Udaberria

bere argizko bisaia

eskuetan bildua duela.

Non dun orain isiltasuna

eta bere lozorro zuriok

estasi izoztuok

arrosa sorgorrok?

 

[...]

 

Arreba,

ez naun gehiago poeta

ez naun poeta izateko adina.

Inurri zauritu bat naun

bidea galduta

gau amaigabean.

Apiril kiskalien

errautsak astindu ditinat

eta ez dinat txinpartarik aurkitzen

berogailu zaharra pizteko.

Heuk haztatzen dun

mendeetako altxorra

heure esku finetan.

Heuk eraitsi ditun

poeten etzaleku ziren gailurrak.

Eta ni ez naun gehiago poeta.

Bazakinat

poetek

ez diten beren malkoez

kristalezko hiririk zikintzen.

Beilan egoten ditun

beren so berdin eta lausorik gabeaz

neurtzeko

argiaren hotzikarak

eta unibertsoaren taupadak.

Ni, ordea,

beilan egoten naun, arreba,

neurtzeko hire taupadak

eta hatsak.

Dorrea gauean bezala, indarberritu egiten naiten

trumoi gurutzatuen

orro zeharkaezinek

eta erne ukitzen dinat ezpata.

Hire betazalen azpian

erori ditun argizko gangak.

Beste ezerk ez din bizirik

hire begiek kreazioan irartzen duten

doluzko ziklotik kanpo.

Ez dinat nahi

garaipenaren danborrik

nire loriaren iragarle

udaberriko basoetan.

Aski dinat

hire irribarrea.

Hire begietako iturriak

nire egarria ase zezaken

eta nire bizia loretan zartaraz.

 

[...]

 

Tunika distiratsu bat neukan

orduak berotzen zizkidana.

Bertso-lerroen konpainia nuen

gauetan mintzo zitzaidana

kanpaina irabaziez.

Hemen eserita

isilik eta bakarrik

goiz higatuz janzten nuen

nire lasaitasunaren agertokia.

Amesten nituen

ongietorri zoriontsuak

ezagutu gabeko lagunek prestatuak,

eta egunsentian larretik begiratzen nuen

kanpandorreko teilatu berdatzen hasi

eta zikoina zuriz elurtua.

Haur ilehoriek

begietan mirespen fin bat dutela

irekiko dituzte nire kantuen

hil-ondoko testamentuak.

 

[...]

 

Arreba,

laino batek goibeltzen zitinan beti

hire betazalak.

Balkoian bermatuta

—artean ume—

itsasoari so hengoen

basamortu amaigabe horren

amets kiribildua askatzeko.

Udazkeneko orbelekin

bazkatzen huen hire bihotza.

Amak bere itzalaren enigma

ispilatzen zinan

hire begien sakonean.

Hire aurpegiaren distira leuna

herrestan, gure etxeko

zoruan barrena.

Ez hindugun sekula negarrez ikusi.

Hire kopetako

zain finok

arroka-zain urdin distiratsuen modukoak

bakar-bakarrik borrokatzen zitunan

hire ezpain itxien sukarraren kontra.

 

[...]

 

Hotzak nagon, arreba.

Aurrerantzean, nork ekarriko zigun eguzkia

eskuak bero ditzagun?

Isildu naun, eta adi nagon.

Inor ez dun pasatzen

gauean errepidetik.

Urperatu ditun izarrak

arrano lumatuaren

begi herdoilduetan, zeinak

harat-honat baitabiltza

itzaletako murailen ertzean.

Hire esku lotuek

irtetea zailtzen diten.

Hire ahotsak bakarrik zeharkatzen ditin

gaueko korridoreak

bere ezpata luzeaz urratuz

lauzen gainazalak.

Berandu dun.

Heriotzak ez nain hartu nahi

ezta biziak ere.

Nora joango naun?

 

[...]

 

Arreba,

hator, ohera gaitezen

haur eriak nola

gure baitan hondoratu den

lorategi gorpuzgabean,

hartara sumatzeko

usain hura

utzikeriaz pausatu dena

gure bihotzeko kantoi lausoren batean.

 

[...]

 

Zeinen hotz begiratzen nauten gaur

ahotsek eta koloreek.

Sartaldeak urrezko diosal bat darama herrestan

gauza guztien bizkarrean.

Zer nahi du argi arrosa honek?

Zergatik erakutsi horrela

solemnitate soraio hau?

Zergatik nire konturako probokazio hau?

Zuhaitzek eta isiltasunak

hizlarien kolore ponposoa soineratu dute,

berriketan baitihardute etengabe

estatua itsu hauen aurrean.