Peneloperen etsipena
Kontua ez zen ez zuela haren aurpegia ezagutu, sutondoaren argitan; ez zen
haren eskale-jantzi zarpaildua, ezta mozorroa ere —ez, aztarnak argiak ziren;
haren belauneko orbaina, sendotasuna, begietako zuhurtzia. Bera, izuturik,
bizkarra horman bermatuta, aitzakia baten bila zebilen,
lipar bateko atzerapena oraindik, ez erantzuteko,
ez salatzeko bere burua. Harengatik xahutu zituen, hortaz, hogei urte,
hogei urte ametsetan eta zain, miserable horrengatik,
odolez bustitako bizarzuri horrengatik? Mutu erori zen aulkira,
astiro so eginez, lurrean, bere ezkongai erailei, orobat hilik ikusiko balitu bezala
bere desira guztiak. Eta “ongi etorri” esan zion,
eta urruna iruditu zitzaion bere ahotsa, arrotza. Izkinatik, ehungailuak
sare-formako itzalez betea zuen sabaia, eta txori guztiak,
hari gorriz ehunduak, diz-diz orbela berdearen gainean, bat-batean
errauts koloreko bilakatu ziren, eta beltz, itzuleraren gau hartan,
bere azken nekaldiaren zeru zapalean hegan.