Poesia kaiera
Poesia kaiera
Yannis Ritsos
itzulpena: Joannes Jauregi
2018, poesia
64 orrialde
978-84-17051-18-1
Yannis Ritsos
1909-1990
 
 

 

Gauerdia

 

Gau izartsu eskergak bere atzapar biluziak erakusten dizkigu;

pauso arrotzek loa osten dizute.

Zer da sabaian gora herrestatzen den itzal hau,

gela erdibitzen duena?

 

Pausoak, motozikleta bat, katuaren klaska-hotsa —

esku-argia leihoaren kristalean,

labezomorroak soldaduen bota eta kaskoetan.

 

Zertarako dugu orain ilargiaren errukia?

Batzuk gauaren kaxetan ezkutatu dira,

batzuk zerraldoan sartu dira bidaiatzera,

batzuek giltzak hartu dizkiote kutxazainari, eta beren lurrak errenditu.

Ahaztu gaituen zakur hau ilargiari zaunkaka ari da;

esnatu egin ditu zelata-dorre urrunetako zaindariak;

lehen eztandak zubia birrindu du.

Gero, ateak karranka egin du, eta izkinan dago eskuadroia;

kale-argiak muturrez aurrera erori dira, eta trenaren txistua aditu da

baionetek bost errepideak itxi dituzten honetan.