Itsasertzean genuen lorategia.
Zerua irristaka sartzen zen leihotik
eta amak
aulkitxo baxuan eserita
brodatzen zituen udaberriko larreak
eta atari irekiak etxe zurietan
eta zikoinen ametsak lastozko teilatuan,
zeina idatzia baitzegoen gardentasun urdinkaran.
Etorri gabea zinen oraindik.
Mendebaldera begiratu nuen, eta zu ikusi
— errainu arrosa bat zure begietan
— irribarre-itzal bat itsasoaren sakonean.
Gure amak eskuetan nindukan.
Baina nik
haren sorbaldaren atseginaren atzetik
haren adatsaren zurbilaren atzetik
emeki, pazientzia eta onberatasuna usainduz,
serio begiratzen nion itsasoari.
Kaio batek hots egin zidan
arratsaren sakonetik
hona, mendien lerro etzanera.