Argos, Odiseoren zakurra
Nagusi, hainbeste urte falta zarela! Begira nola nagoen hemen, baztertuta,
larreetan pilatu den simaurraren gainean. Arantzaz eta akainez
josia dut larrua. Hainbeste urte, nagusi, eta ez dut izan
buztana norentzat astindu. Non dira gure goiz-pasak
basoko ihintzen freskuran, non iturriak, orbela, ehiza, luma koloretsuak
iluntzeko haizeetan? Hezur bihurtu zaizkit begiak, zain beti.
Ez zaizkit ixten. Makarrak ere harri bihurtu zaizkit.
Jarri eskua nire belarrien artean, lasai hiltzerik izan dezadan.
Nagusia pasatu da, ostikoa eman dio, eta gelan sartu da.
Berehala, gezien ziztua aditu da, horman iltzatu direnean.
Eta Argosek, han, buztana harri, begiak harri —ezin itxi—,
simaurraren gainean hilik, ikusten du oraindik.
Lehen aldiz ikusten.