Poesia kaiera
Poesia kaiera
Yannis Ritsos
itzulpena: Joannes Jauregi
2018, poesia
64 orrialde
978-84-17051-18-1
Yannis Ritsos
1909-1990
 
 

 

Epitafio

 

Tesalonikako langile heroikoen omenez

Tesalonika. 1936ko maiatza. Kalearen erdian, ama bat negarrez ari da seme erailaren gainean. Haren inguruan eta gainean hausten dira manifestarien olatuak, trumilka, zalapartaka; tabako langileak greban. Amak auhenka segitzen du:

 

 

I

 

Umea, erraien errai, nire bihotzaren bihotz,

bakardadeko loretxo, patio idorreko mirotz,

 

itxi zaizkik begitxoak, eta ja ez haiz mugitzen,

ez al duk nire malkorik, nire saminik aditzen?

 

Ene haurtxo, hik sendatzen hidan beti arrangura;

bahekien zein zen nire betazalpeko mentura.

 

Ez al nauk kontsolatuko, lanbropetik aterako,

nire barnean bazkatzen den zauria antzemango?

 

Ene haurra, eskuetan ura ekartzen zidana,

ez al nauk dar-dar ikusten, kanabera bat bezala?

 

Hemen, kaleen erdian, tximak ditiat askatzen,

haiekin hire gorputza, lore ihar bat, estaltzen.

 

Musukatzen diat hire ezpain isilen izotza,

eta iruditzen zaidak hire haserre mingotsa.

 

Ez haiz mintzo; gaixo honek bularrak ditik ireki,

eta azazkalez urratu, hi baihinduten edoski.

 

 

VI

 

Maiatzean partitu haiz, galdu haut maiatz-egunez;

udaberrizale hintzen, gora joaten hintzenez

 

eguteraren aldera; handik, hire so garbiak

pozarren jezten zitian unibertsoko argiak.

 

Banan-banan erakusten hidan, hatza luzaturik,

munduak zenbat zuen on, arrosa eta gandutik:

 

urrun, distira zen itsasoa, olio mardula,

eta zuhaitz-mendietan mozten zen zeru azula;

 

gauzak, txiki eta xume, sasi, txori, inurri,

bi pegarren izerdi diren diamante-harri.

 

Baina, ume, erakutsi arren lur eta izarrak,

argiagoak zituan hire begi itsastarrak.

 

Kontatzen baihidan gozo, gizon-ahots epelean,

hainbeste gauza, nola maskorrak dauden hondarrean.

 

Esaten hidan edertasun hau guretzako zela,

baina orain, itzali haiz; itzali sua, kandela.

 

 

IX

 

Goi aingeruen babesa, ai, ene Ama Birjina,

emango zeniokeen haur honi, ama bazina.

 

Ai, Jainko, jainko bahintz, eta gu hire seme-alaba,

saminez hartuko huke mundutar txarron dardara.

 

Justua bahintz, eta bahu mundua justu bana,

balukete txori-haurrek ase arterako jana.

 

Umea, mintzo zelarik hire aho jakintsua,

halaxe ematen zidan beti-beti aholkua:

 

“Uso bat baita bizitza, bazkatzen da gure eskutik;

guk, berriz, eskutan apenas dugun ogi apurrik.

 

Lurrari eusten diogu —beso ahulon bertute—

ta jainkoek, txorimalo, ugazaben antza dute”.

 

Haurra, ez diat gehiago ez bozkario ez federik;

gure azken kriseilua ez dago izekitzerik.

 

Nongo argitan ireki ditzaket orain eskuak

suak bero ditzan nire esku-ahur izoztuak?

 

 

XVII

 

Etzan haiz, ene izarra, kreazioa duk etzan;

ekiak bildu dik sua urre beltzezko matazan.

 

Jendea bultzaka zoak, armadak naik ni zanpatzen,

baina nire begiek ez haute, ez, abandonatzen.

 

Hara, orain altxa naitek: hau da jende zalaparta!

Umea, hire ondotik ezingo naitek aparta.

 

Eta pozten naitek, mintzo baitituk hire moldean;

hire txapela zeukatek, hire arropak soinean.

 

Masailean suma diat hire hatsaren fereka,

eta argi bat kalean dilindan zagok tarteka.

 

Argizko esku bat jarri didak begien aurrean,

eta, ume, mintzatu haiz nire erraien barnean.

 

Altxatu nauk, zutik eusten zidatek oinek oraindik;

seme, argi atsegin hauek jaso naitek lurretik.

 

Orain banderez jantzi haute; ene haurra, lokartu.

Batu natzaiek anaiei, hire boza diat hartu.

 

 

XX

 

Maitea, ez haut, ez, galdu, zainen barnean haramat.

Guztion zainetan hago; ez bizi, gero, handik at.

 

Asko zetozak ondora, zaldi gainean, so egik!

Ederrak dituk, hi legez, kokotsak jasota, zutik.

 

Hi haien artean hago, han ikusten haut pizturik;

hire eitea haiengan mila bider marrazturik.

 

Ni, berriz, erdi-erdian, uzkur nagok, baina handitzen;

lur zokorrak azazkal hutsez ditiat erdibitzen.

 

Muturrera jaurtitzen dizkiet zokorrok otsoei,

hire musu fina zartatu zuten piztia horiei.

 

Hilda ere segitzen diguk; guztion negar uzkurra

korapilo duk, etsaien lepoko urka-bilurra.

 

Kriseiluaren argitan agintzen hidan bezala,

zutitu nauk, jaso diat ukabila berehala.

 

Oinez noak, bular xalook urratu beharrean,

eguzkia han baitago, malko hauen bestaldean.

 

Hire anaiengana noak nire sumina gehitzeko,

hire fusila hartuta, hik lasai lo egiteko.