Lizunkeriak
Zu gabe etxeak ez daki nire etxea izaten.
Abere hilaren hilotza bezala
edo denbora lizunaren sabelak
gaizki digeritu bizihatz uherra bezala.
Horma huts hauei so nago.
Perlek bezala
bizitza ilun eta itsas pekoaz
argitzeko zure haragia eskas dute.
Odol urrun eta haragizko etxe baten
nostalgiaz hazten nauen (...)-kiko
kartzelari bezala so nago horma hauei.
* * *
guztiari
desafio bakar bat bezala
edo ezerezari
odola eta hitza
eta amodioa: jostari
dabiltzan mirailek
eman burtzoroa.
* * *
Koloka zegoen herio zuriaren arrautza
besapean, papoaren ondoan,
eta bularraren ematen zion itsuki
gauaren hegalaren itzalari.
Ez negar egin niretzat ama argi zirrintan.
Ez negar egin niretzat ama, nirekin baino.
Zartatzen zihoan arrosa piztigarria,
oihua zekarren
hormazko kimu.
Ama, ez niretzat negar egin, ama.
Ez niretzat negar egin ama, nirekin baino.
Zure negarrak nirearekin sarea beza txirikorda,
neure urrats dudakorren azpian
itzalaren beldurraren eskuari loturik
gorputzez tolesten garen
trapezioan.
Gabeziaren
soberakineraino altxatzen den
zikiratuaren ahotsa bezala.
Jainko baten antzera kristalizatu kantan
odolusten doan galtzetik.
Lehen jainkoa zu, ama.