Gatzaren besta
Zu eta ni sua zurkaizten duen airea gara.
Lurra zorrozten duen ur zabaldua gara.
Airean zilegi den lur lodia gara.
Erro berriekin ura biltzen duen sua gara.
Zu eta ni, maitea, gatzaren bestarako
metaturiko mundu osoa gara gaur.
Ogiak eta gatzak beren lekua aurkitu dute
eta beldurrak ez gaitu suhartzetik urruntzen.
Mundu osoa errezibitzen dugu, berme gisa:
gure alorretik at, ez dago lur mazelarik,
airean barreiatu orlegi izpirik ez,
uraren argian urtu urdin izpirik ez.
Uraren ilunean galdu gau sortarik ez,
gatzaren pean itsatsi itsas lauhazkarik ere ez.
Desiraren urguiluak airearen nahiaren plazera dagi
eta belarrak eta sua zurbiltzen ditu.
Maitale, lur gainean ohea para dezagun eta
munduko oihan hauetaz ganbara egin.
Mundu honetakoak gara, baina uraren norantzaz
asma daitekeen mundua luzatzen dugu.
Arbolak landatzen ditugu lurrak bailiran
eta gatzezko lore biziak lotzen zaizkigu.
Erretzen dira eta orduan sua indar eztiz
eta aire hatsez itxuraldatzen da.
Desiraren ahotsek airea biribilkatzen dute eta
munduan barna hamahiru haize haiatzen dituzte.
Suaren lumekin besarkatzen gara
eta uhina nahasten dugu urezkoak bagina.
Leiho berriak lurrari irekitzen dizkion
gatzezko bihotza jotzen dabilkigu ahoan.
Amodioa egiten dugunean lurra biltzen zaigu.
Uraren abarrak hazten dira, gorakoi.
Gatzaren pena kristaltzen doa
eta huntzostoaren pozak hartzen du mundua.
Ez da xederik uraren sexuan
ez eta tiraniarik suaren itsasargian:
Lurraren erdigunean gaude suarekin.
urarekin sasi gara eta hatsanka airearekin.
Mundua itzulikarazten dugu gatzaren aroan.