Galtzea
Sara N.-M.-ri
Lorea elur artean
bezala, bat-batean,
odola, ttaka bat:
Galtzearen ikurrak
herioa ukatzen du.
* * *
Juntak eta lezeak zulatuz
Oraino tematsu, dragoi zaharra aurkitu nuen.
Maria-Antonia Salva
Horma idor honen juntak eta
lezeak zulatuz; ahanzturaren harritxorik
harritxoenetan; jasan duzun ez-memoria
itsuaren harkaitz artean, badakit zutaz.
Eta zutaz jakiteak lurra ematen dit, erroa.
Eta badakit eta badakit nitaz, zure
poemaren mirail fidelean, isiltasun
uherrezko harrian tematsuki urratua
—emazte sugea, emazte piztia, emazte dragoia,
kaktusa bezala, zu bezala, biziraule.
* * *
Renée Vivien-i
Bi emakume: desiraz
haratagoko itun bat,
alde guztietan eta
nehon ez idatzia.
Bi emakume: batera
sortzeko eta sortarazteko,
izenean eta haragian bizirik.
Itun bat: urrunago,
hemendik eta desiraz.
* * *
Hitzatea dakar
itsasoz
itsaso:
exilioaren exilio.
* * *
Dorrerik gorenaren
—hetsia eta uherra—
urguilutik
erortzen da
ordua
—eta hitza.
Bi tren bezala,
zurubia zabaltzean,
soako itsuaren
alderik alde
bat-batean epaitua.
* * *
Nire amari
1
erraten didazu: hau da
nire gorputza,
nire odola.
Har, jan eta edazu
—bizitza eta hil mihisea.
Gero, ogi
xehatua, labanak
zauritua
eta mahaiko
oihala tatxatuz
isuri ardo gorria.
Hitzak
lapurtu zizkizun
jainko baten so
zantarraren pean.
2
herioaren promesak
ukituriko
gorputzaren
zantar sakratua:
ezin ukituzkoa
jainko ausente baten
hatza edo
paria bat bezala.
Gorputz bizien
dohain apala
itzul iezaiozu eta
sakrilegio zakizkio.
3
haragia, hitzen odola
zugandik
etortzen balitzaizkit bezala.
* * *
Ama
hiru bider
eta ehunez
ukatu zaitut.
Eta kanpoan ez zegoen
Oilarrik kantari.
Gure traditze itsuak,
elkorrak, mutuak dira.
Eta deboila.