Exilioaren lehorrean
Maitea, izpiritu gaiztoak urruntzeko, exilioko
lehorrean, menda eta musuez sute dagit
eta desiraren belarminaz
tatuatu dut bihotzaren eta ahobiaren sarea,
Eta hazten nauen itzala gatibatzeko
Gordeleku bihurtzen naiz.
Maitea, gaur egarriak husten eta hazten nau.
Lehorreratzen nauten ibaiak marrazten ditu keak
eta, harri artean, mendaren
dolorearen, usainaren, gustuaren gatibu naizela,
ahobia sutzen didazu erregai sekretuekin
—ausentzia eta belarmin.
Maitea, belarmin zurbilaz harrotzen doa zerua.
Bestaren purruskak hazkurria hesten du jada
ahobiko odolarekin.
Eta, espero gabetarik, gauaren beste lehorrean
espero zaitut, izarrez mozkor, berde eta menda,
eta nire hatsaren gatibu.
Maitea, ur edo ontzizko zein xederek gatibu
Naukate, legez kontra, ilargia nire oihanetik galtzen
nabaritzen dudala eta mendak hosto
Eskasak ekira idokitzen ditu, eta dolua ez da hazten.
Zein lakiok ditu lertxun saldoak deitzen, lehor gabe,
eta frutak, ahobirik gabe?
Maitea, zein jaidura txarrek bridatzen ote dit ahobia,
eta lainozko kaiolan eta pozoia urtzen eta arbolak
gatibatzen ditu? Zein lehorrek
dakar handikeri kiratsa belarminezko mortura?
Zein plazerek, ehortziak ja, apaintzen eta hazten zaitu,
zu, mendaren alegiazko izatea?
Maitea, lerro hauek orok musuak eta menda
sutu dituzte, zu ez erretzeko, ahobi agerrindea.
Eta hazten duen txirikorda
hondamendian errotzen da eta lepoan, balizko
itzuleraz, lehorra itotzen duen belarmin eta
gatzezko itsasoa gatibu dauka.
Maitea, ihesi noa: lehorra, mendaren gezurrak,
Ahobia gorritzen, gatibatzen eta hazten nauen
Belarminak bihurtzen dira.