Artemisatik dianara
Betazalen azpitik irekitzen zaizkidan begi begiak
Adrienne Rich
Ez diet ez jainkoei ez eta edozein aztiri
beste begirik eskatzen, betazal berrien azpian,
zuri begiratzeko eta zuk ikus nazazun: zu zara
eta ni, deitzen eta desafiatzen ditudanak.
Egarriaren eta uraren putzuaren ikertzeko
beste begiak, gatza galdezka eta
irakurtzen ikas dezaten mirailaren alfabeto
bizia, ez dezifratua, erranahiz hetsia.
Itsasoa zabalarazten duten beste begiak.
Begiei bestelako hitzak eskatzen dizkiet
guhauren errateko, zaharrak suntsitu ditugunean
eta puskak barreiatuak ahanztearen arteketan:
Hain soilik altxagarri, ongarri lurrarentzat.
Gure eskuekin biltzea beharrezkoa dateke.
—Espazioa hantarazten duten hitz berriak.
Hitzei bideak eskatzen dizkiet
hatz berriak erakuts diezazkiguten.
Antzinako liluren muturreko berinak
karminez koloreztatzen duten beste ezpainak.
Esku berriak, mintzaira berria, zentzu berriak.
Odolez odol urratutako bide berriak.
Bide berriei, berri, biluz, bero-beroa
dabilkien beste odol bat eskatzen diet.
Oilo-zuloak eta mugak bortxa ditzala, eraso
ditzala pleguak eta inguruak, zerrailuaz
haratago eraman gaitzan, destino eta jainkorik
gabeko beste festaren egutegia tintatuz.
Zain berrietako odol berria.
Odolari da begi berriak eskatzen dizkiodana.
* * *
Zure ausentzia baizik ez
naiz, itzalaren eskuetan
odolusten zatzaizkidan
fantasma zurbila
—nire eskuak odoletan.
Urratsa berresten dizun
itzal gabeko itzala:
soilik ni, zakurtxo prestu
eta fidela, jada ezabatu
hatzari darraiona.
* * *
Obeditzen zintuen alaba
urkatu eta oraino
ikara ehortzi zuen
honek ez daki
murruaz haratago,
zureari heziki uztartzen
zaion iluntasun klaskaria
itotzen. Eta honezkero
nire ordez mintzo da.
Naizenez ere ez dakien
honen isiltasuna
uraren gainean dago
geldirik.
Su-oldeak gorri bitza
Ordu mutua eta iradoki
mintzoa eta bideak. Eguna
sortu bedi, biluz, gesaltzetik.
* * *
Aita-mirotz, zeru hondotik miratzen eta
zure izeneko erreinuan hitzartzen nauzuna,
zeruan bezala lurrean ere dagien
zure nahiak hormatzen nau.
Ene eguneroko odola
zutaz haratago isurtzen da gaurko egunean
baina ez dakit kulpa zaharretarik libratzen
eta zordun itsuenen ispiluan miresten naiz.
Eta nire minaren itzalean
zure pertsegitzeko tentazioak naroa.
* * *
Emazte orok faxista bat adoratzen du.
Sylvia Plath.
Faxista bat adoratzen zuen —edo duen
nork daki!— nire zati hori
zurekin datza, zurekin alha.
Hilobiak ez du izutzen. Erreinurik ilunenari
betidanikako deia,
zurekin hiltzen eta zutaz bizi da.
Eskaintza ikaratia, zure atzetik ibiltzen
baizik ez daki eta zure gaitzari
lotzen portu ziurra bailitzan.
Medusa hezurrutsa, nitarik geratzen
dena zu gabe, zutarik urrun
berrosatzeko borrokatzen da.
Labana dudari. Nor dabil nitarik kanpo?
Nola pentsatuko zaitut
ni zu ez banintz bezala?
* * *
Zutaz haragiments, ez dakit nola zaitzakedan irents.
Ene haragiaren haragi egin zaitut, jan zaitut
eta aurtiki dut
zure beldur ustela, hezurrak zakurrei bezala
—zure heriotza doluz orroatzen duten
zakur hormatu horiek.
Ez dakit nola zaitzakedan irents, ez dakit
nola zaitzakedan maita orain heriotzak
zutaz hitz egitera uzten nauelarik.