Ezkatak
Ezkatak
2006, poesia
80 orrialde
84-95511-80-0
azala: Xabier Gantzarain
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2011, poesia
 

 

ORAINDIK EZ

 

Zelaiak orrazten diren moduan

pasa dizkio atzamarrak burutik,

belaunak urratzen zituen ume hura gogoan.

 

Behin amona bihurtu zuen semeari begira dago,

izarak bezala eskuetako zimurrak

nola tolesten zaizkion begira,

isilago ibiltzeko esaten ziola gomutatuz

orain ohean geldi dagoen etxeko

patioan etengabe korrika aritzen zen haur hari.

 

Orain, isilegi dagoen semeari

zelaiak orrazten diren moduan

pasa dizkio atzamarrak burutik.

Esateko zerbait,

esateko aurtengo gabon kantak prest dituela,

eskatzeko domeketan egiten duen sagar pastela,

esateko ez duela semea hiltzen ikusiko.

Oraindik ez, oraindik ez.