Ezkatak
Ezkatak
2006, poesia
80 orrialde
84-95511-80-0
azala: Xabier Gantzarain
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2011, poesia
 

 

ENGAINUA

 

Nahi du eta ez du nahi.

Arima bahitu diote ezustean

gerrako gurasoek seme-alabei egia bezala,

eta errua deklaratu du errudun bakar.

 

Nahi du eta ez du nahi.

Altzariekin estropezuka doa

zakur zaharrak bezain nekatuta

inork lanparak pizten ez dituen bitartean.

 

Nahi du eta ez du nahi

urrunetik hurbildu, hurbilekoa urrundu,

zer sinetsi behar duen jakin

ipuinak amaitzen direnean.

 

Nahi du eta ez du nahi

etxe itxiak bezala egurastu

edo irunean iraun

bere amaraunaren amarruan.