Ezkatak
Ezkatak
2006, poesia
80 orrialde
84-95511-80-0
azala: Xabier Gantzarain
Leire Bilbao
1978, Ondarroa
 
2011, poesia
 

 

ZAPATAK

 

Egunari mudak aldatu ostean

kale nekatuetara joan zaizkit oinak

eta urak hartu balu bezala zimurtu da gaua.

 

Zure izeba ikusi dut

banketxeko ilaran,

inoren zapatak janztea moduan izan da.

 

Ametsek agintzen ziguten lehen,

ez amesteko agintzen digute orain.

Jakingo banu non sartu zaren,

aterkiak bezala zabaltzen zenituen begiokin.

 

Badakizu,

nagoen lekuan irauten erakutsi zidaten,

baina ez dakit aurkituko nauzun.

 

Esan, ez garela udare helduak bezala eroriko.

Esan, gauak ez duela zimurrik

eskutik lotuta askatuko ginela uste genuenean bezala.

 

Zelaiez beterik genituen zapatak

kale nekatuetatik doaz.

Gaur zure izeba ikusi dut banketxeko ilaran

aterkiak bezala zabaltzen zenituen begiokin.

Inoren zapatak janztea moduan izan da.