Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

ESTALTZEN

 

 

Kamiseta erantzi diozunean

bistan geratu zaio

sorbaldatik behera doan larru-lautada.

 

—Zauriaren arrastorik geratzen zaizu?

 

Bukatu zela esateko

parkean egon zinetenetik ez duzue elkar ikusi:

zazpi hilabete luze pasa.

 

Ilargi laurden baten forma du orbanak.

Nondik begiratzen den,

aho bat da irribarrez.

 

Alderantziz begiratuta,

ezker bularra ireki zion

ezpata arabiar bat da.

 

—Min egiten dizu oraindik?

 

Memoriak goldearekin urratzen du.

Zer egin zenuen laguntzeko eskatu zizunean?

Zail da ahazten: ezin du.

 

Desertu handiak daude munduan

baina luze zabalenak

norbere baitakoak izaten dira.

 

Bazterketari adiskidetasuna deitu zenioten

eta suntsitzen gaitzak diren

harresiak jaso zituen denborak.

 

Nola jokatu ezer gertatu ez balitz bezala?

 

Baina eskuek arrazoien kontrako bideak hartzen dituzte.

Hatzek ez dute larrua ahaztu.

Bizi nahiak elkar estaltzen dira.

 

—Damua... etorriko da.

 

Begiak ixten dituenean

supermerkatuan irudikatzen du berarekin

etorkizuna orgaren erabakimenez gidatzen.

 

Beso artean estutzen du,

aspaldiko mamuak ito

eta bizidunak gorde eta ez galtzeko.

 

Errazagoa zatekeen plazer nahiak elkartu

eta gauzak nola joango diren ez dakiten

iraganik gabeko bi ezezagun balira.

 

Lehengo larru beraren gainean

hatzarekin zauriaren ertzak marraztu dizkiozu,

eta ondo dakizuna berresteko galdetu:

 

—Hemendik lapurtu nizun bihotza?

 

 

 

© Jon Benito

 


www.susa-literatura.eus