VOYEUR
Ondo daki zer gertatzen den gero:
zirrika ikusten ditu
elkar besarkatzen
ezpainen bila
eskuek zer harrapatuko.
Ondo gogoan ditu
lotsaren aurre-urratsak.
Bide hartatik ihesi dator
eta begira besterik ez da egoten orain
besteak nola trebatzen diren
estali aurreko jolasetan.
Aztertu egiten du
garai bateko hitz gozoak
nola bihurtzen diren irain eta oihu.
Jakin nahian noiz hasten den eta nola bihurtzen
hasierako sentimendu gozo eta zoroa
mikatz eta astuna bihotzeko zokondoan.
Okerrena da
zer gertatzen den badakien arren
ez duela aurkitu non ezkutatzen dituzten
maitasuna deitzen duten hori amaitzen zaienerako
elkarri min egiteko sastakaiak eta zigorrak.
© Jon Benito