Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

BESTEREN LARRUAN

 

 

                1

Gizon eta emakumea

erantzi duzuen

ar eta emea zarete.

 

Azalera berri bat

arakatzen dute atzamarrek

bestearen haragi gose.

 

Ez daki zuk zer nahi duzun

baina zure hankartean

amaren sabelera itzultzen saiatuko da

erritmo kolpekarian.

 

                2

Haragizko lorea

laztantzen duzunean hazten da

zure zauritik barrura egiten duen sugea.

 

                3

Amodioa deitzen duzuen

ezkutuko borroka horretan

bi haragiren jotzea ez da zuen min

ukitzen ez diren gainerakoena baizik.

 

                4

Bakarra zinela esan zizun gauean,

baina bat gehiago zara etzan zarenean.

 

Ohearen alde hori beste batek hartu zuen lehen

eta haren mamuak zurekin egiten du lo hemen.

 

Zerk huts egin zuen orduan?

Orain zu zaude bestearen lekuan.

 

Izan zen gezurra? Izan zen beldurra?

Noiz galdu zuen besteak bereganako fede apurra?

 

 

 

© Jon Benito

 


www.susa-literatura.eus