AMODIOA BILBON
Esperantza (kalea) mehar, ilun eta laburra da
eta zure urratsak jarraitzen ditu
euripean Someratik Uribarrira.
Beti-betiko Converseak, panazko jacketa.
Marguerite Durasen nobela batekin etorri da trenean
Toletxegain, Amaña, Traña, Euba...
(Oroitzen al ditu liburuko hitzak barruan bulkaka?
«Oso goiz izan zen berandu ene bizian»
errepika eta errepika, ez ahazteko.)
Itxi dituzte azken tabernak, handi dator Nerbioi.
Dendetako erakusleihoen islan ikusi duzu bere figura:
mehar eta zurbil samarra da, 25 urte ditu.
Zeuk ere adin hori izango duzu laster,
baina oraindik gurinezkoak dira zure bularrak
eta beso artean kabitzen dena besterik ez dezakezu eman.
Putzuan sartu du oina. Zeharka begiratu diozu,
isilik, Kristo (kaleko) maldan gora, zerura kondenatuta.
Ile bustiak kopetan itsatsita, lainotan dauka gogoa.
Atseden edo neke izango da ohea?
Plazer edo buruhauste?
Buruak ukatzen duen zerbait nahi du bere barruak.
© Jon Benito