Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

 


 

EKAITZA ETA BULKADA

 

 

Liburu bat argitaratzera noa orain,

nintzen idazlea hil eta denbora batera.

 

Hiru urte dira hasi nintzela

bizipenei berriz letrak jartzen.

 

Hitzak berez adieraz zezala

metaforarik behar izan gabe.

 

Bob Dylanen Blood on the tracks egin nahi nuen.

Literatura bizitzara ekarri... edo alderantziz zen?

 

Ekaitza eta bulkada titulatzea bururatu zitzaidan

baina erromantikoa zen sobera.

 

Dramarik eta lirismorik gabe idazten saiatu naiz

ariketa erraza ez izan arren.

 

Letrak letraren atzean jarrita

hitzek pisua hartzen dute,

 

kontuz ibili behar da paperean geratzen direnekin,

gotortu egiten baitira ezin aldatzeraino.

 

Egin ahal nuen beste modu batera,

fikzio jantziz, nire gauzak gehiago mozorrotuz

 

edo errealitatearekin lotura oro kasuala dela esanez...

Ez uste, zalantza asko izan ditut nola egin.

 

Oraindik ere bai. Letrak batzen

baino denbora gehiago eman dut ezabatzen.

 

Ez nuen dena hemen jarri nahi.

Ezkutatu dudana ez dakit literatura den,

 

baina nirea da

eta zuk ez duzu hori irakurriko.

 

Zenbat desira eta bizipen, damu eta kezka...

bai eta ez, orain eta beti eta lehen.

 

Nahastu ote nezake dena neurri berean

nintzena eta nahizena?

 

Gertatu zena ala sentitu nuena da garrantzitsuago?

Amestutakoa ala sufritutakoa?

 

Biluzik geratzearen beldurrak jan izan nau.

Atzera egin dut. Idazketa utzi. Berriz hartu.

 

Nire burua gehiegi estutu dut

lan on bat egin nahi nuelako.

 

Zer da hori ordea? Hunkigarria izatea

ala sarigarria? Niretzat ala besterentzat?

 

Liburu bat da. Hori bakarrik.

Nik ez beste inork idatzi ezin duena.

 

 

 

© Jon Benito

 


www.susa-literatura.eus