Aurkibidea
BEGIAK GALTZEKO BELDURRA
Orozkotik Donibane Lohizunen barna
LAHARRETAKO MASUSTA GORRI-BELTZAK
SUGE BERDEA
XILKO-ZELAIA
GARRASI SARKORRA
GURE BAITAKO IZAERA GORDEA
TTATTARRA BIZKAR-BESTA SEINALE
BEGIAK IZAR
ZALANTZEN ZAKUA MUKURU
HAUXE DA GURE KONDENA
UR AZPIKO ERRESUMA
Aurkibidea
BEGIAK GALTZEKO BELDURRA
Orozkotik Donibane Lohizunen barna
LAHARRETAKO MASUSTA GORRI-BELTZAK
SUGE BERDEA
XILKO-ZELAIA
GARRASI SARKORRA
GURE BAITAKO IZAERA GORDEA
TTATTARRA BIZKAR-BESTA SEINALE
BEGIAK IZAR
ZALANTZEN ZAKUA MUKURU
HAUXE DA GURE KONDENA
UR AZPIKO ERRESUMA
GAUR EGUN ERE BADA
eguia da, orrelaco gauça baçuec guc ecarri guinduçen
bai eguiaqui guc jan guinduçen yrur ardiac eta urdea
Arrayoçetic beyn çamari bat juan guinduen
vay yrur lagun guinaden
(Paskual Iturbide Uztaritzek
epaiketan erraniko hitzak,
1597an Sunbillan preso hartu eta gero)
Bai, Uztaritz, gure konde zahar hori
segur aski zuenaren ondotik agudo
ailegatu izanen zen gure familia ere paraje hauetara
eta bertan laketu
Zerupeko jauregi aterik gabeetan
haizezko paretekiko gaztelu ederrenetan
non sasoiaren arabera aldatzen ziren
logeletako koadro margoak:
iraleku itsaso gaur berde bihar gorrikarak
arto-landetako maizalasto armadak
ezkur gaztaina intxaur arbola eskuzabalak
ardi tropek hedaturiko maindire zuriak
amuarrainen jauzi hotsen notek tindaturik
kantari igarotzen ziren errekak
Kanaberarik gabeko arrantzale hoberik
zizparik gabeko ehiztari gure parekorik non
nor gailenduko guri esku hutsean
nork zumezko zare otarre saski halakorik
nondik makila makulu leunagorik
hamaikak nahi luke gure antzea
eta musika eta dantza
irria eta kriskitinak
Beharra zenean huraxe hartu
deus bildu eta pilatzeko afanik gabe
baita zeukanari kendu ere
sobrante izanik eman ezean
Sunbillako zuen aspaldiko hartan bezala:
yrur ardi eta urde bat
Bizirik irauteko nork ez hori hemen?
Aldaizea sartu zuen arte
Gerora geroni hasi ginen
aziendak etxekotzen
noizbait basa izan zirenak
gure gisara alegia
arima salbu igualak
eta geure burua ere bai
bordetan kaiolaturik halabeharrez
bertzeen gisako ere gu
bertzeen gisako gaixo eta gizajo
halabeharra halabeharra
Deiturak ere aldatu behar
frankotan
zer gerta ere
orain bezalaxe, orduan ere
“ixo! baditugu paperak”
eta nolabait ere izaerari kontu
gordeka ikusezin
ezinikusia bertzela
sineste zahar batzuk
harrotasun ez soberakoa
bizipoz isila isilarazia
gure zaharren idoiko ispiluarentzat
ia arrotz bihurtu ginen arte
Hala ere, Uztaritz
gure konde zahar hori
lehen ez eze
gaur egun ere
bada ijitorik
(eta izanen)
Baztanen eta Bidasoaldean