Arkanbele kantak
Arkanbele kantak
2021, poesia
120 orrialde
978-84-17051-59-4
Azala: Ignacio Larra
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
2001, narrazioak
 

 

ALKAIAGAKO BENTA (1968)

 

 

Bada etxe bat non baserritarrek erosten baitute ogia

bai eta azukrea kiloka, kafea eta txikoria

olioa litro erdika eta kolonia nahi adinaka

zerriak gizentzeko pentsua, abarka

parea, xaboi trozoa, bakailao idorra

txokolatea, gasna izerdikorra

tomate eta piper potoak, aizkora-giderrak

orratzak, kolore guzietako hariak eta titareak

 

Telefonoa izeneko hontz beharri handiak

habia egina du paretan, osaba-izeben berriak

Ameriketatik ditu ekartzen: hemen uda han negua dela

ondoko baserrikoak Diario Vascora deitzen du, eskela

eta betiere konbertsazioa

ezin sinetsirik nola, misterioa

 

Urrundik ailegatu da aitzin horretan telebisioa

                                                    zuri-beltzean

baina arrotz sentitzen da, hotzak hain paraje ospelean

ez baitu bertan oraindik laketu;

ordea, goiz da, eman denbora, esperatu

gerora jende salbaia du nahasiko

ikusleen arimak xurrupatu irentsiko

modernitatea erdaraz dela sinetsaraziko

bere leihotik erakutsiz Bonanzako cow-boyen arrantxoa

Iribarren atzaparrak, Urtainen sudur zanpatua

                                            crocheta, gantxoa

eta Massielen izter zuriak

ezinago guriak

 

Emakumeak oinez etortzen dira goizero

mandatuak aitzakia, gerokoak gero

Internetik gabeko gizarte-sarea jostera;

ttanttarik edan gabe ere kanta da haien hizkera

libre lehertzen da irria, malkoa jario

eta etxera bueltan garraio

eramanen dute kapazua bete poz

biharamunera arte adios

 

Gizonak, ordea, ilunabarrean dira hurbiltzen

fabrikako sirenaren garrasia denean isiltzen

ez bada baserritik eskapu, bizikletan

edo Ossa markako makinetan

ardotan itotzera eginbeharrak problemak erneguak;

pastelak —iduri dutenak haurren titiburuak—

edo sardinzarrak janez hausnarrean aritzen dira

eta kanpoan egiten dute pixa denek ilargiari begira

 

Atea zabal gauturik ere argi beti joko dute

portuges engainatuek laguntza eske

haurra non nork bataiatuko ijito ama gazteak galde

Iruñeko saltzaile sorginak, qué me va a comprar usté?

Pelegrino-pelegrino! kantatzen dutenek eskua luze

 

Ez da aktore xelebre maitagarririk sekula falta izaten

turista despistatuei gitarra jotzen

errondako eltzetzuei muturra okerragoarazten

neska-mutikoekin erausian gustura

beti umore onean emanez gero mahats-ura:

Miel, Miel, gure astoa iel!

 

Sagarroien pasealekua da sukaldea

kanpoko sasi-xokoetan bilaka dabil etxekoandrea

arroltze freskoak, onddo zuriak balira bezela

oraindik ez baita asmatu oiloendako kartzela

 

Etxearen paretik nagi suge berdea

irristatzen da isilka ikasirik bidea

bertakoek erraten diote Bidasoa

haur batek haren ibilerari soa

bizkar gainera botatzen dizkio arbaztak

traineruak direlakoan edo itsasontzi mastak

bikingoek osatzen dutelarik eskifaia

eta solasean hasi zaio narrastia, ibaia:

segi hemendik agudo, orain duk ordua

hasteko deskubritzen mundua!