Arkanbele kantak
Arkanbele kantak
2021, poesia
120 orrialde
978-84-17051-59-4
Azala: Ignacio Larra
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
2001, narrazioak
 

 

BIDASOAN (INBENTARIOA)

 

 

Armada inperialistetako zaldi ikaratuen

eta soldadu tirokatuen azken antsiak

 

Karlistadetako talde harrapariek

nahi zuten xurimentaren uharri azpietako gordelekua

 

Harrobian fusilatu zituztenen odol gorriarekin

mozkorturiko xintximariak

 

Kanilako urik gabeko baserriko

arropa garbitzailearen esku hormatuak

 

Ito hurran ibiliriko kontrabandistak

eta haiek ekarririko aziendak

 

Muga pasatzaileek engainatu eta abandonaturik

ito zirenen Europarako ametsak

 

Gerra gatazkek mehatxaturik ertz batera edo bertzera

ihesi joandakoen izialdurazko begirada erneak

 

Ur uherrera salto eginez biziari adio

erran zion dohakabearen hondarreko otoitza

 

Kuartelean torturaturiko gorpu puztuaren

gainean saltoka Endarlatsako izokina

 

Arrantzaleentzako bazka berri plastikozko

zikinkeria koloretsuaren desfilea

 

Haurrari erakusteko gurasoak ur azalean

txingoka dantzarazi duen harri xabalaren iduria

 

Lehenbiziko aldiz elkar ukitzeko josteta urdurian

sartu-atera dabiltzan neska-mutikoen gorputz biluziak

 

Kateak urratuz fantasia eroak bilaka murgil

urarekin batera joanean zu eta ni

 

Bidasoan...

 

Eta harrizko zubi

zaharraren arrailduan

basa-sagarra loretan