Arkanbele kantak
Arkanbele kantak
2021, poesia
120 orrialde
978-84-17051-59-4
Azala: Ignacio Larra
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
2001, narrazioak
 

 

ZUHAROTZA

 

 

Kotto

 

 

Zuharotzak kopetatik pasa du iltzea

bustitzea, izerditzea

sar dadin aiseago

zurean barrenago;

altzairuzko punta harroa

hagitzez da ahulagoa

ttantta ezdeus horiek gabe

 

Zerrautsak dantza dagi

gizona xixtuka nola den ari

(behin eta berriz melodia

errepika hunkigarria)

igerika murgildua bere baitan

anaia gaztea ez baita han;

preso dute eramana

 

Zuk ere ezagutu zenuen:

irri bidezko isileko mezuen

igorlea zenuen beti

matela gorriko aurpegiaren leihotik

Gauaz etorri ziren bila

(gogoetalariaren begietan txirbila)

izuaren tunelean bahitzeko

 

Navalcarnero gero Soria

maindire batetik zintzilik zoria

nola altxatzen da gogo eroria

nork erabakitzen du kondena

sufritzen ari den ororena

nola geldiaraziko dugu trena

noiz arte bizi da hilik dagoena

 

Mailukaria tiriki trauki ari da

malkozko mintzean distira

zuraren min berbera bihotzean

pelaturik izerdi hotzean

Hondarreko kolpea idorra

materiaren zintzurretik garrasi sarkorra

Eta orduan arraildu dira biak