Arkanbele kantak
Arkanbele kantak
2021, poesia
120 orrialde
978-84-17051-59-4
Azala: Ignacio Larra
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
2001, narrazioak
 

 

ARKULOAK

 

 

Gure haur-denboran, jostetan aritzeko, neska-mutiko mukizuak gehienetan auzoko plazan juntatzen ginen. Berez, zirkuluan jarritako dozena erdi bat haritz zaharrek mugatzen zuten esparrua zen, oihantxo segur aski espres bakandu bat, sualo edo soilgune handi samarra, arbolen adar luzeenen babesarekin ia-ia gaur egungo edozein areto estaliren parekoa zena. Zelaia erraten genion tokiari —Ama, bagoazi Zelaira jostetan aritzera!—, alde batera makurtzen zen lurrezko malda leun koxkaz beteari.

      Orain ez bezala, inoren gurasorik ez baikenuen hurbil izaten, gure arteko zaharrenek erabakitzen zuten zertan pasatu denbora. Haiengandik ikasten genuen, ohartu gabetanik, gure txanda ailegatzean geronek ere halatsu egiteko.

      Zenbaitek tirabike bat eramanen zuen sakelan, txardango formako adaki bat baliatuz bakoitzak berea egina, aspertuz gero zernahiri harri koxkorren bat botatzeko; txoririk jotzea zailago zen, baina katu maingurik ez zen falta gure inguruan, ezta etxeetako kristal hautsirik ere.

      Bertzela, baloi kaxkarren bat ez bazen, inork ez zuen jostailu espezialik izaten, eta inguruko zernahi baliatzen genuen geure ameskerietarako: makilak, harriak, lamina-zulo bat, belarra garraiatzeko lerak, iratze metak, Bidasoa, meategiko karburoa…

      Animaliei ere erreparatzen genien: sugandila buztanluzeari, miru zelatariari, apo gaixo geronek torturatuei (haiek guri pixa txorrota erregarriarekin eraso baino lehen), arkulo beldurgarriei…

      Arkulo erraten zaio gurean arkanbeleari. Zelaiko jostaleku hartan noiznahi ikusten genituen, haritz zahar haietan bizi baitziren. Arbola urtetsuetako zur usteltzen hasia gogokoa izaki, nonbait.

      Mamorro hori ikusten bagenuen bere adar handiekin guregana heldu zela, edo ondoan sumatzen hegalak inarrosiz kantari, izuturik ihes egiten genuen lasterka. Inoiz sobera hurbiltzen bazitzaigun, bagenuen formula bat sekula huts egiten ez zuena: arkuloa beheiti! arkuloa beheiti!, erraten genion, bagenekielakoz orduan goiti eginen zuela, arkuloak dena kontrako aldera entenditzen baitu, edo, bertzela, zenbaiten gisara, ez baitzaio obeditzea gustatzen.

      Ez genuen arrazoirik falta ikaraturik urruntzeko, sinetsiak baikinen begiak gupidarik gabe atera nahi zizkigutela.

      Eta, aizu, nola janen genuen guk mundu hura begi zuloak hustu izatera?