Aurkibidea
AMOREZKO HARAGIA
landareak haziko dira, laztana,
metalezko sagarraren ugerretan,
eta argiak berak ere
beste DNA bat izango du
oraingoa argiarena
ez dena.
(argi honen DNA:
kresala, goiz-lurruna
gehi basapikondoen
itzal luze berdea)
horrexegatik itzuli naiz, laztana,
aramuen eremura
sare singleon perfekziora:
amaraunaren erdi-erdia
beti da argi-begian,
senaren agindura bere zeregina.
(itsaspean
sasoian dira txibiak;
haitzetan
fosil zahar dira amoniteak)
sasoi honexetan itzuli naiz, laztana,
lan isilen naziora
pinudiko sagarrondo makurtuetara
molekulen arkitekturaz
hormonen ingeniaritzaz
mira barik ikastera.
(feromonetan
estigmak ditudalarik
denboraren igaroaz
gogoetan)
eta, hara miraria,
erdi-erdian jotzen dion argia da
amarauneko hariak
ikusezin bilakarazten dituena.
(molekulen egitura hotza,
planetaren ostean ere
iraun egingo duena,
ene laztana, ene bihotza)